109. iruzkina, 2003ko martxoaren 15a

      Bush daukan guztiarekin ari da jokoan

      AEB-k ataka ederrean sartu dira. Bere presidenteak oso apostu arriskutsua egin du egokiera oso ahul batetik. Duela urte bete, gutxi gora behera, erabaki zuten Iraq-en kontrakoa erasoa burutzea. Helburua, AEB-en nagusitasun militarra agertzea eta bi xede hauek betetzea: 1) nagusiatsun nuklearrera hel zitezkeen guztiak intimidatu bere proiektuak alde batera utz zitzaten; 2) europarren ideia batzuk zapuztea, Europaren paper politiko autonomoa mundu-sistiman.

      Orain artean, Bush-ek ez du garaipen handirik lortu. Ipar Korea eta Iran-ek (eta akaso oraindik azaldu ez diren beste herri batzuk) ugaltzeko beren proiektuak azkartu egin dituzte. Frantzia eta Alemaniak autonomoa izatea zer den erakutsi dute. AEB-k ez dira gai izan Segurtasun Kontseiluan dauden hirugarren munduko sei herrialdeak bere alde jartzeko, Iraq-en aurkako bigarren erresoluzio baten alde bozkatzeko garaian. Gauzak honela, jokuzale bildurgabeko baten gisan, Bush prest dago dena jokoan jartzeko dena irabazteagatik. Epe oso motzean gerra bati emanen dio hasera, eta konfidantza osoa dauka garaipena epe motzean eta nagusiki eskuratuko duela. Apostua sinplea da oso. Bushek pentsatzen du, AEB-ek horrelako emaitza militara lortuz gero, askori damutuko zaiola. Askori diodanean, club militarreko hautagai askori buruz ari gara eta esperantza badu Bush-ek etorkizunean AEB-en erabakiak onartuko dituztela.

      Bi emaitza militar posible daude: Bush-ek nahi duena (eta espero duena) eta bestea ezberdina. Zein aukera du Bush-ek Irakiarren kapitulazio azkar bat lortzeko? Pentagonoak behin eta berriz ziurtatzen du beharrezko diren armen jabe dela eta berehalakoan lortuko dutela. Erreserban dauden general askoz osaturiko zerrenda batek, bai estatu batuar eta bai britaniarrak, euren ezkortasuna eman dute argitara. Nire ustean (eta nire ustean hori da guztia) ez da ziurra garaipen azkar eta oso bat. Badira hainbat faktore AEB-ei oso zailduko diotenak gerra aste batzuen buruan irabaztea: irakiar buruzagien helburu desesperatu bat, irakiar nazionalismoaren gogortze bat, kurduen ezezkoa Saddam-en kontra borrokatzeko (ez gorrotatzen ez dutelako, baizik eta sekulako mesfidantza dutelako haiekiko AEB-ek dituzten asmoez). Faktore hauen guztien konbinazioak zaildu ahal du, eta asko gerraren emaitza. Ziurrenera hilabete asko iraungo du eta kasu horretan nork baiezta dezake haizeak haien aldera joko duenik? Batez ere briainiar iritzi publikoak eta gerora AEB-etakoak zein abelera izanen dute?

      Hala eta guztiz ere, pentsa AEB-ek berehalako garaipena eskuratzen dutela. Nire ustean, kasu horretan Bush-ek berdinketa baino ez luke izanen: ez luke galdu izanen, baina ezta irabazi ere. Zergatik baieztatzen dut hau? Garaipen batek egokiera geopolitikoa bere horretan utziko baitu, egun den bezalakoa gutxi gora behera. Lehenik eta behin zer gertatuko ote den Iraq-en garaipenaren ondoren. Esateko bakarra dago, inork ez dakiela; eta ez dago batere garbi AEB-ek ere ba ote dakiten bertan zer egin nahi duten ere. Baina dakigun gauza bakarra da jokoan dauden interesak asko eta ugariak direla eta baita erabat deskoordinatuak ere. Eszenaleku nahasi eta anarkikoan ari gara eta gerraondorean AEB-ek eragin erabakiorra izatekotan denbora luze xamarrean bertan tropak mantendu beharko dituzke eta diru asko erabili (benetan asko). AEB-en egoera ekonomikoa eta barne politika ezagutzen duen edonork aski ongi daki Bushen administrazioari benetan zaila eginen zaiola tropak bertan denbora luzean mantentzea eta are zailagoa joko politikoan parte hartzeko beharko lukeen bezain beste diru eskuratzea.

      Hau guztiaz gain, munduak dituen gainontzeko arazo guztiak bere horretan mantenduko lirateke. Lehenik eta behin palestinar estatu bat sortu ahal izateko gero eta aukera gutxiago legoke. AEB-n garaipenak gobernu isrraeldarren begietara, bere jokamoldea baieztatuko luke eta gogortzea baino ez luke ekarriko. Mundu arabiarra oraindik ere haserreatuago legoke, hori posible bada noski. Iran-ek, noski, ez du etengo bere karrera nuklerra eta are gehiago baliteke erosoago ibiltzea eremu horretan behin Saddam Husssein desagertu eta gero. Ipar Korea-k bere propobokazioak gehitu eginen lituzke, eta Hego Korea gero eta deserosoago legoke bere aliatu den AEB-ekin, bere sarbide militarrari eusten baitio. Eta baliteke Frantzia berean mantentzea denbora luzean. Horrela bada, esaten dudan moduan, Iraken AEB-en garaipen azkar batek status quo ante geopolitiko batean utziko gintuzke. Eta hau, nola ez, ez da AEB-etako belatzeek nahi dutena.

      Baina pentsa dezagun garaipen militarra ez dela hain azkarra izanen. Zer gertatuko litzateke orduan? Kasu horretan operazio guztia desastre geopolitiko galanta izanen da AEB-entzat. Pandemonium bat gertatuko litzateke. AEB-ek bere etorkizunaren gainean zeresan gutxi edukiko lukete, akaso Italiak duen bezain beste, hau da deus ere ez. Zergatik diodan hau? Pentsa dezagun lehenik zer gerta daitekeen Irak-en. Irakiar erresistentziak Saddam Hussein heroi bilakatuko du eta noski, badakite sentimendu horri nola atera atarramentua. Iran eta Turkiak beren tropak iparralde kurdura bidaliko dituzte, eta ziurrenera beren artean borrokatuko dira. Lehen une batean kurduak iraniarren alboan koka litezke. Hau gertatuko balitz, Irak hegoaldeko chiitak AEB-etako ahalegin militarren aurrean uko eginen dute. Saudiarrak bitartekari aurkeztuko dute haien burua, baina ziurrenera bi aldeek ukatu eginen dute honakoa.

      Lurraldearen beste leku batzuetan, Hezbollah-k ziurrenera isrraeldarrak erasotuko ditu. Erantzun eginen dute eta ziurrenera Libanoko hegoaldea okupatzen saiatuko dira. Orduan siriarrak sartuko al dira gerra horretan, Hezbollah-koak salbu uztearren? Modu orokorragoan esanda, Libanoan duten papera salbu jarri nahi izango ote dute siriarrek? Oso posible da. Baina kasu horretan isrraeldarrek, Damasko bonbakatuko dute (akaso arma nuklearrekin). Isilik mantenduko al dira orduan egipziarrak? Gainera pertsonaia hori dago, Osama Bin Laden, zeina ziurrenera hain gustuko dituen gauza horiek prestatzen arituko den.

      Eta Europa? Erresuma Batuan ziurrenera alderdi laboristan errebelioa izanen da, alderdia banatuz amai daitekeena. Blair-ek bere jarraitzaileekin jarrai dezake eta larrialdi nazionaleko gobernu bat eratu kontserbadoreekin. Oraindik lehen ministroa izanez jarraituko luke baina presio izugarria eratuko litzateke hauteskunde berriak izan daitezen. Hauek ziurrenera Blair-ek galdu eginen lituzke, oso emaitza kaskarrekin gainera. Gero, arazo txikia legoke, bere lege aholkulariek adierazi dioten moduan. Britainiarrek NBE-ren onespenik gabe, Irak-en aurkako erasoari ekiten badie, Nazioarteko Epaitegi Penalaren aurrean akusatu lezakete. Aznar-en hauteskundeetarako aurrikuspenak Espainian, oso duda mudakoak bilakatu dira, espainiar posizioaren inguruan bere alderdian bertan dauden desadostasunak medio. Berlusconi eta ekialdeko eta erdialdeko europarrak orduan hasiko dira hortzak erakusten.

      Latinoameriakari dagokionez, agur esaten ahal diogu Ameriketako Komertzio Librearen Akordioari (AKLA edo ingeleraz FTAA). Bestalde Lula, Mercosur (estruktura komertzial eta monetario moduan) berriz ere indarrean jartzen saiatuko da, eta gainera Chile bertara sartzea lor dezake. Fox-ek arazo larriak izanen lituzke Mexikon. Asiar hegoekialdean, bi herri nagusi musulmanek (Indonesia eta Malasia) Europari parekatu nahian ekintza eremu autonomo bat era dezakete. Herri hauetan gainera AEB-n oso lagun diren gobernuak daude orain. Gobernu filipinarrak, presio handia jasango du militar estatu batuarrrak bertatik botatzeko. Eta ziurrenera, Txinak japoniari esanen dio, hobe lukeela AEB-ekin dituen loturak lasatuz joatea, eremu horretan etorkizun ekonomikoa izaten jarraitu nahi badu behintzat.

      2004 urtearen haseran, zertan utziko du honek guztiak Bush-en errejimena? AEB-etan gerraren aurkako mugimendu oso indartsu bat izanen du. Eta horrek alderdi demokrata Bush-en politika orokorraren aurrean benetan aurka jartzea ekar lezake. Ez da erraza, baina gerta liteke. Kasu horretan baliteke, demokratek hauteskundeak irabaztea.

      Hau guztia gertatzen bada, Bush-ek benetan errejimen aldaketa bat lortuko luke...Erresuma Batuan, Espainian eta AEB-etan bertan. Eta AEB-k ez dira jada garaitezina den potentzia militarra izanen. Gauzak horrela, eta laburbiltzeko, Bush-ek irabazten badu statu quo geopolitiko berri baten aurrean egonen da, berak nahi baina askoz gutxiago dena. Eta galtzen badu, benetan galduko du. Nik esango nuke, etorkizuna ez dela oso oparoa. Historialariek baieztatuko dute ez zela beharrezkoa, irailaren 11ko erasoen ondoren hain jarrera ezinezkoa hartzea.

      Immanuel Wallerstein (2003ko martxoaren 15a)


      © Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.

      Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).